Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Inozo

2014ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bada, negua kolpean etorri zaigun arren, dena ez da goibel, dena ez da garratz. Aitzitik, Durangok berotzen nau, izango baita urtean behingo ispilatze, izango baita iraungitze data laburra duen ilusio, baina ez esan ez dela orgasmikoa euskalduntasuna performatze hegemonikora hurbiltzen den unetxoa. Eta hori gutxi balitz, ematen du neguarena baino glaziazioaren traza hartzen ari nintzaion independentismoa hasi dela udaberritzen: aurreneko aldiz gehiengo dira independentziaren aldeko herritarrak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bederen. Sinetsi nahi dut egoera, indar harreman eta egiteko modu berriak lurpeko geruzak mugitzen ari direla, zartadarik gabe baina sakon.

Eta, gainera, gutxitan bezalako albiste ona kausitu dut hedabideetan: espetxeak ixten hasi dira Suedian, presoen kopurua jaitsi egin delako, agidanez, politika sozial egokien ondorioz. Alegia, balizko independentziarako badugula non ikasi.

Eta erantsi horri denari harmonia zurizko munduaren liluran amilarazten nauten Eguberri giroaren zein elurraren agerpena. Ondorioa: negu gordinean irribarrea ezabatu ezinean nabil, Mediterraneoak eta gure konplizitateak jan dituen haurtxo migranteengatik isuritako malko gaziak gorabehera. Irribarre inozoa. Baina inozotasuna aldaketarako tresna ez ote den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.