Euskal Herriko Unibertsitateak ukatu egin dio laguntza garun paralisia duen pertsona bati. Itunpeko saretik publikora joateko gomendatu zioten lagunaz gogoratu naiz: semea artatzeko baliabide gehiago izango zituztela esan zioten. Eta gogoratu naiz hanka hautsita etxean egon behar izan zuen 4 urteko umeaz, eskolan ez zegoelako igogailurik. Eta autismoaren ondorioz denetarik jaten ez zuen umeari dieta egokitzea ukatu zioten ikastetxeaz. Eta Downen sindromea izanda hizkuntza bi gehiegi zirelako gaztelaniaz bakarrik zekien logopeda jarri zioten mutilaz. Eta garun paralisia izanda hizkuntza suspenditu zioten gazteaz ez zekielako pentsatzen zuena ondo adierazten. Eta Aspergerren sindromea izanda azterketak ahoz egitera derrigortu nahi izan zuten lagunaz, jendearen aurrean ez zuela hitz egiten jakinda.
Ez dira hipotesiak edo jendearen kontzientzian eragiteko asmatutako kasuak: denek dituzte izen-abizenak eta denak gertatu dira neure inguruan. Hezkuntza inklusiboaz hizketan entzuten dudanean, edonor dela ere, azala gorritzen zait. Ez dut sinisten. Ez dago erabateko inklusiorik. Hezkuntza komunitatean badaude aniztasun funtzionalaz asko dakiten profesionalak, baina, orokorrean, sistema bera ez da inklusiboa: aurretiaz erabakitzen dute nor noraino irits daitekeen.
BIRA
Inklusioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu