garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Industria

2015eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Informatika enpresako saltzailea pozik dago oso, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailean aurkeztu zuen proiektuak diru-laguntza jaso duelako. Gorabehera burokratiko anitzi egin behar izan dio aurre. Bateko, lanorduak, gastuak eta bestelako zeremoniak zehatz-mehatz frogatu beharra. Besteko, proiektuaren onurak justifikatzeko eta txosten mardula osatzeko hartutako lanak. Bukatzeko, berea bezalako asmoak balioesteko asmatu behar izan duen literatura; manufaktura eta oro har industria klasikoa nagusi den arloan, ariketa interaktiboak sortzeko motor xume bat eraman baitu lehiara, «azalkeria» hutsa, bere aita zenak —ofizioz tornugile— esango ziokeen moduan.

Etxafuegoak botatzeko irrika ezin ezkutatu du saltzaile piztuak. Lankideez inguratu eta xanpain botila irekiko luke gustura, «hi, baina goazemak ordena naturalean», egin dio gogor bere buruari, halere. Bidelagun izan duen funtzionarioaren helbide elektronikoa bilatu eta esker ona adierazi behar baitio lehenik. Luze gabe heldu zaio haren erantzuna: «Aurkeztu diren milatik gora proiektuen artean, euskarazko bakarrenetakoa izan da zuena. Plazera nirea, beraz».

Saltzailea beste bi botila xanpain erostera joan da korrika, arrakasta ospatzeaz gainera, pena ere ito beharko baitu kolpe berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.