Onintza Enbeita
BIRA

Inbidia

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sarean irakurri diot norbaiti umeak alokatzeko prest dagoela abenduaren 22an Anaitasunara joateko. Txioa ironiaz idatzitakoa zen noski, baina pentsatzen jarri naiz ez dela aitzakiarik behar pailazoak ikusteko. Kontua da pailazoek material sentsiblea maneiatzen dutela: emozioak.

Umeek dena bizi dute emozioz. Helduok, ordea, mugatu samarrak gara: ez zaizkigu zenbait emozio barkatzen. Ezta geuk geure buruari ere. Pailazoak ikustera edo zirkura goazenean, hala ere, zerbait askatzen zaigu barruan: gauza txikiekin hunkitzen gara, kantatzen ez badugu mundua amaitu egingo dela iruditzen zaigu, maitasuna adierazteko lotsa galtzen dugu, barre egitea posible da, muxuak eskatzen ditugu eta haserreak erlatibizatu egiten dira. Bai, gure egunerokotasunean hauskor eta ez lehiakor egiten gaituzten gauza horiek guzti horiek!

Barkatuko dit umeen alokairuaren broma egin duenak. Izan ere, nahi dudan lekura iristeko aitzakia izan da. Nora iritsi nahi nuen? Bada, horra: zergatik galtzen dugu helduok elkarri sentimenduak adierazteko ohitura osasungarria? Zergatik ez diogu geure buruari desmelenatzeko baimenik ematen (kuadrillako afarian mozkortu edo kolokatzen garen egunetatik aparte)? Niri umeek, edozein astegunetan, Batmanen mozorroa soinean, inbidia ematen didate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.