Uste dut jendea mugituta dabilela. Ezkaratzeko leihotik gure kaleko zabor-ontziak ikusten ditut eta, asteon, ohi baino beteago daudela ohartu naiz. Ez inertziaz ateratzen ditugun hondakinekin (patata azal, jogurt poto eta beste), baizik oporretan joan aurretik gainetik kendu gura izaten den (eta edukiontzietan ere kabitzen ez den) zabor klasearekin; hala egitea erabaki ondoren botatzen diren gauzekin, alegia. Horregatik uste dut jendea mugituta dabilela. Artxibagailu batzuk eta triziklo bat ikusi nituen herenegun, eta norbaiten ohean luzaz egoniko kuxin brodatuak atzo. Hantxe, kale erdian, kontenedore horiaren eta urdinaren artean, birziklatzeko kuxin parea edo pribatuaren eta publikoaren jarraikortasunaren alegoria.
Batzuei kosta egiten zaie zaborra ateratzea, besteoi gustatu (huste sentsazioa ematen du eta terapiara joatea baino merkeagoa da). Han jaisten gara, pijamaren gainetik anoraka jantzita, bizilagunen leihoetara disimuluan begiratuz: garentxoaren hondakinen usainik ez dezala inork hartu! Akorduan daukat, artean baserri-auzo batean bizi nintzela, lau-bost familiak konpartitzen genituela edukiontziak eta lotsa ematen zidala zarama ateratzeak. Eskerrak isiltasun paktu bat geneukan: hemen botatzen duguna hemen geratzen da; zerbitzariak pertsiana erdiraino jaitsi ondoren taberna barruan gertatzen direnekin egiten dugun lez.
BIRA
Hustu beharraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu