Zuzeneko emankizunak eragiten du halako izerdi kimiko berezia: hutsunearen hatsa lepo-gibelean sumatzen dukegulako. Hasteko, nik hor sentitzen dut Damoklesen ezpata tzarra: isilunerik ezin baitzaio eskaini irratiari; nola soilgunerik papereko egunkariari.
Mikroaren parean zaudelarik, beraz, tentetzen zaizkizu bizkar eta kaskezurra. Heldu da, halere, noizbait laxatzeko unea: abisuena. Gibeleko musikañoa ezarririk, lasai has baitzaitezke zerrendaren leitzen: tresnen eta autoen salerospenak, alokairuak... eta... kabalen trafikoa. Aisa egiten den ariketa denez, buruak pilotu automatikoa pizten du: pantailak erakusten duena errezitatuz.
Alta, baheak beti zutik beharko luke, nik kontu ez dudan bezala. Kabalen aldi zen: «Uzki bat galdu da Landibarren, xuri eta grisa. Atzeman duenak dei dezala zenbaki honetara». Ahoskera ezin garbi eta argiagoan, entzuleak ontsa entelegatzeko gisan.
Berehala jo du telefonoaren tirrintak: «Atzeman dinat uzkia!», hasi zait adiskidea arrailerian.
Irri karkailek ez didate zerrenda bukatzen utzi.
Huskya da galdu dena: homofonoak traizionatu du ahozkotasuna