Atzo (ere) hilerrian izan nintzen. Berdin dio zeinetan. Behin hirira joanda, sekula herrira etortzen ez den jendea ere han zebilen izenak irakurtzen, loreak jartzen, beste batzuen loreei begira… badaukate zerbait berezia hilerriek. Agian, jendez beteta egon arren, erabat isilik dagoen lekuaren xarma izango du; edo ezezagunarekiko beldurraren marrak gainditzen dituen tokia, edo… gure galderen erantzunak bazekizkien pertsona batekin joan ginen, eta erdizka geneuzkan istorio batzuk josi genizkion elkarri. Hildakoari buruzkoak gehienak, jakina. Eta hor konturatu nintzen, berriro ere, heriotzaz, hiltzeko moduez, beldurrez… hitz egiteak pisua kentzen diola halako gai eternalari. Eta pisua kentzeak erraztu egiten du haren onarpena edo barre egitea, edo podcast bat egitea, edo gaixotasunari ez daukagula beldurrik esatea…
Gure amamak hilerrira loreak eramateko esaten zigun, eta lau urtetan ez diot bat bera eraman. Agian, asteburu hau aproposa da agindua betetzeko. Baina datozenetan ere han egongo dira han utzi genituenak.