Bira
Hil
Askotan ikusi dut neure burua zurrunbilotik irten ezinda: egiteko mila gauzarekin, aldi berean leku batean baino gehiagotan egon guran, zertan ari naizen kalkulatu ezinik, lehentasunak zehazteko larri... halakoetan, amak beti esaten dit ezetz esaten ikasi egin behar dudala, derrigorra hiltzea baino ez dela, eta egingo dituela gauzak beste norbaitek. Eta barruan badakit halaxe dela: derrigorra hiltzea baino ez da, eta, seguruenetik, egongo dira garrantzitsutzat hartzen ditugun inportantziarik gabeko gauzak. Areago, badira gauzak nik baino hobeto egiten dituztenak. Baina teoria horren aurrean, oker ari garela esaten zigun gure herriko gizon batek. Haren arabera, derrigorra ez da hiltzea, derrigorra hil arte bizitzea da. Jakina, hil arte bizirik egotea eta hil arte bizitzea ez dira derrigor sinonimoak. Eta bizitzeak horixe dauka: batzuetan, ez beti, zurrunbiloak harrapatzen gaituela. Nekatzea, nazkatzea, maitatzea, negar egitea, barrez lehertzea, min egitea eta hartzea, poztea, tristatzea, estresatzea, lasaitzea… guztiak dira bizi garen seinale, eta zurrunbiloa kontrolatzen ez dakidan arren, beharrezkoa dut bizitzea. Aukera bat egin behar dut, eta nahiago dut tarteka zurrunbiloari irensten utzi birizik egotearekin konformatzea baino. Hil arte gutxienez, bizi egin nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu