Ez dut uste ikastolak eskola pribatuak direnik; ez behintzat inguruan dituzten eskola pribatuekin alderatuta. Ikastolak zer diren eztabaidatzea ezinezkoa da haien sorrera arrazoia ezagutu gabe, edo haiek publifikatzeko asmoaren atzean benetan zegoena onartu gabe. Ez dut uste eztabaidaren gakoa publikoaren eta pribatuaren artean dagoenik. Eta bai, nik eskola publikoan ikasi nuen eta harro nago jasotako balioez. Hezkuntza unibertsala eta arrakalarik gabea bermatzeko modu bakarra iruditzen zait herri bakoitzak bere hezkuntza sistema publikoa izatea. Kontua da gu herri garela estaturik gabe, eta zaila dela eskola publikoaren guretasuna osorik bermatzea. Baina ikastolek ere, praktikan, funtzio sozial desberdina betetzen dute Sohütan eta Gernikan, adibidez.
Umerik ez duenaren distantziatik, ez dut ulertzen umeak ikastolara bidaltzea norbera sistema publikoko irakasle izanda. Ez behintzat bietako erabaki bat koherentziaz hartu bada. Ezin dut jasan, ordea, Salesianoak eta Abusu ikastola zaku berean sartzerik. Eztabaida hobeto kokatzeko beharra dagoela iruditzen zait, geure buruari tranparik egin gabe. Jokoan dagoena gure umeen etorkizuna baino gehiago da: gure herriaren etorkizuna da. Eta oraindik galderak hor jarraitzen du: ze hezkuntza eredu nahi dugu? Norentzat?
BIRA
Hezkuntza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu