Onintza Enbeita
BIRA

Herri hezitzailea

2019ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gure gurasoek lan lotuak zituzten eta ordua baino lehen uzten gintuzten eskolako atean. Maribik ez zigun bakarrik egoten uzten, eta bere sukaldean hartzen gintuen. Andereño Laura gaztea zen orduan, baina ideiak argi zituen. Udaberriko lehen eguzkiak berotu orduko, inguruko baserrietara joaten ginen. Onomatopeiaz betetako hizkuntza pausatu haren bidez deskubritu genuen mundua. Gero etorri zen Maisu Jabi, eta koru txatxar bat osatu zuen eskolan: herriko jai guztietan kantatzen genuen txarto edo ondo. Gurean ohitura ziren etxez etxeko bertsoak berreskuratu genituen berari esker, eta kirol taldeak osatu zituen neska zein mutilentzat. Eskolan umerik ez zeukaten lagunak ere etorri egiten ziren hamabostero mendira, edo futbolean ari zirenak partidetara eramatera, edo eskolako egunean sukaldera. Semaforoak eskatzeko eskola osoa jaisten ginen errepidera, baina irakasle falta salatzeko herri guztia etortzen zen eskolara. Euskara eta umeak geunden erdian, eta herri osoa zebilen ardatz horien bueltan. Duela gutxi jakin dut horrelako zerbait dela herri hezitzailea. Gustatzen zait filosofia hori: ez bakarrik gu zoriontsuak izan ginelako, etorkizuna lantzeko ardura herri guztiak hartzen duelako baizik. Umerik ez dugunok ere herria gara, hezi gaituzte eta hezi dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.