Forbes aldizkariaren arabera, Juan Carlos Borboikoak 1.800 milioi euroko ondarea dauka, eta, irratian entzun dudanez, fundazio bat sortu du edo sortu nahi du herentzia ahalik eta zerga gutxien ordainduta partitu ahal izateko. Guri ez zaigu dirutan ezer eroriko, baina herentzia ederra utzi behar du historia liburuetarako. Diktadore batek eman zion estatuburu titulua. 1983ko estatu kolpean izan zuen rolaz asko hitz egin da, baina ez da sekula benetan ikertu. Haren anaiaren heriotza umeen arteko istripua izan zela esan izan zaigu, baina ordurako Juan Carlos I.a adinez nagusia zen, eta armadan ari zen entrenatzen. Sandra Mozarowsky loreak ureztatzera atera zen balkoira eta erori egin zen. Gorte inguruetan jakina ei zen Juan Carlos Borboikoaren maitalea zela. Haren ingurukoek diotenez, haurdun zegoen. Haren maitale izandako zenbaitek jazarpena eta haien etxera norbait beldurra sartzera bidali izana leporatu dizkiote. Fondo erreserbatuen dirua erabili omen zuen bere maitale baten xantaia ordaintzeko, eta Ondare Nazionaleko partidetatik ordaindu omen zituen beste baten mantenu gastuak. Eta abar.
Herentzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu