Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Herensugearena

2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Bazenbehin herensuge baten menpe bizi zen herri bat. Berak agindutakoa egin ezean guztia suntsituko zuela egin zien mehatxu: erreko zituela etxe eta lanabesak, idortuko pentze eta alorrak, akabatuko abere eta jendeak. Birrinduko zuela guztia, mortu bihurtuko herri oparoa. Beldurtuta, baietz esan zioten herritarrek, obedituko ziotela. Neska gazte bat emateko agindu zien herensugeak. Zotz egin zuten, eta patu beltzak jotako neskatoa otzan eraman zioten. Neskatoak eta haren hurbilekoek izan ezik, lasai hartu zuten arnasa besteek. Laster eskatu zuen, ordea, beste neskato bat. Are lasterrago beste bat. Bi izan ziren hurrena. Eta neskatoak ez ezik, mutikoak eskatzen hasi zen gero. Andreak ere bai, gizonak... Hirunaka eta launaka. Gero eta asegaitzago zen herensugea. Egun batean, kanpotar bat iritsi zen. Zur eta lur geratu zen etengabeko zozketa zoro harekin, eta plazaren erdian jarrita oihu egin zuen: «Ez al duzue ikusten herensugea zuek elikatzen duzuela? Zuek biziarazten?». Isilune larri baten ostean, harri-makilak eskuan hartu zituzten herritarrek eta aise akabatu zuten leize atarian sabel puztuz zetzan herensugea.

Noiz iritsiko da guregana merkatuak esaten diegun herensuge asegaitza guk biziarazten dugula oihukatuko digun kanpotarra?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.