Onintza Enbeita
Bira

Harremanak

2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Gauza kurioso bat dauka, nire kuadrillan behintzat, bikotekiderik ez izateak: bikotekidea duten lagun guztiek kontatzen didate ze ondo bizi ziren bikotekiderik ez zutenean. Nik entzun egiten diet begiak garagardotik jaso gabe. Ezer esan orduko esaten didate ez dudala ulertzen esan nahi dutena, eta eusten saiatu arren, azkenean, beti ematen diet ulertzera gauza bera: «Hain gaizki bazaude bikotekidearekin, utzi. Inork ez zaitu derrigortzen harekin egotera!». Orduan, haien bizitza barik, nirea bihurtzen da hizketa gai: ni harroegia naiz inor jasateko, nobioek ere esaten diete ez dutela ulertzen nik bikotekiderik ez izatea, agian ni izango naiz okerrena bikotekidea dudanean… Isilik nagoenean ze polita naizen ohartzen naiz, eta neure bakardade lasaian ohera noanean zin egiten diot neure buruari ez naizela berriro eztabaida horretan jausiko; haien ohea nirea baino epelago egongo baita, ziurrenez. Baina hurrengoan ere nazkatu arte entzuten dut mutilak zein berekoiak eta arraroak diren. Batzuetan, garagardoak baino buruko min handiagoa egiten didate lagunek. Hala ere, badakit nire egoera ez dela haiena baino hobea, ezta haiena nirea baino hobea ere. Kontua da ni lasai nagoela, baina, antza, bikotekidea duten zenbait lagunek sinatu egin dute nonbait ezin dutela lehen bezain libre eta zoriontsu izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.