Ostegun honetan ospatzen da haragirik gabeko nazioarteko eguna. Segur aski behi edo ardi haragi ekoizleek murmuzikaz irakurriko dute kronika hau, begetariano burges-bohemioak madarikatuz. Egun bakarra da urtean zehar, gainerako egunetan gure xitxi, okela edo haragi falanga nasaiki eta arraiki asetzen ahal baitugu! Egunaz profita dezakegu haragiak gure jendarteetan, gure kulturetan, gure ekonomietan, gure lurraren ekologia alorrean duen lekuaz hausnartzeko. Eta ondorioak ez dira biziki agradagarriak: planeta honetan, baliabide anitzez gehiago gastatzen da abereen hazteko, gosete olde larriak mendratzeko baino. Ez dut hemen abereen ongizatearen arazoa aipatuko...
Azietara ketan datorkigun haragi puska odoltsu horrek bere kalitate gastronomikoez haragoko erran nahiak baditu, dudarik gabe: batetik, haragia jaten da maila ekonomiko on batera heltzen garenean, bestetik birilitate aieru ezaguna dakar berarekin, eta azkenik, alkoholak eta zigarretak bezala, gizonak gizon diren eskuineko pentsalarien babesa ere dauka. Horien guziengatik, gaur... nik ez.