Duela hamar urte Parisen agitu zen Charlie Hebdo astekari satirikoaren kontrako atentatua. Hiru jihadistek eraman hilketa episodioak lau egun iraun zuen, Charlieren egoitzaren eta Hiper Casher dendako gertakarien artean, orotara, hamabi hilotz eta hamaika kolpatu zenbatzen zirela. Ondoko astean milioika jende atera zen plazara Txarli naiz lemarekiko pankartak eskuetan. Egun zailak ziren bereziki gure haurride arabiarrentzat, musulmanak izan ala ez, sarraskia islam erlijioaren abegian eman zelako.
Ordu haietan adierazpen askatasunaren eskubidea asko aipatu zen, noraino, norekin, zertaz burla egin galderaren inguruan. Ez dugu zalantza hori arras argitu oraindik, eta askotan, han eta hemen, sortzaileek, kazetariek edo marrazkilariek hari meharren gainean orekan, erortzear, irudikatzen dituzte beraien buruak. 2015eko urtarrilaren 7ko atentatua baino zenbait hilabete lehenago Wolinskiren ahotik entzun hitz ikonikoak ekarriko ditut zutabe honen ixteko: «Arras mozoloa izan behar da ideiengatik hiltzeko, are mozoloagoa ideien izenean erailtzeko...».