Bira
Hamar urte
Nire bizitzaren errepasoa egingo banu, azken hamar urteetan larri ibiliko nintzateke; izan ere, mugimendu handiko hamar urte izan dira. Laburpen gisara esango dizuet, hamar urteren barruan karrera amaitu dudala, eta mila artikulu inguru idatzi ditudala Euskaldunon Egunkaria-n, BERRIAn, Hitza-n, Argia-n, Frida aldizkarian... azken hamar urteetako bat Edinburgon egin dut, hilabete bi Mexikon, bana Kuban eta Senegalen eta egunak Londres, Belfast, Madril, Venezia, Bartzelona, Almeria, Brusela, Milan, Paris,Cadiz, Erroma eta gogoratzen ez naizen beste lekuren batean. Urte askotan hutsik egon den baserria konpontzen hasi gara ahizpa eta biok, baina Bilbon ere bizi izan naiz bi urtez. Ez dakit zenbat liburu irakurri ditudan, eta zenbat kanta berri deskubritu ditudan, baina larrutan ezagutu ditudan mutiletatik sei bereziki gogoratzen ditut. Besteak hor konpon! Maite izan dudan jendea joaten ikusi dut, baina berriak jaio dira, eta nire geografia humanoa berriro betez doa. Datozen hamar urteak ere antzekoak izango dira niretzat, baina Bateragune auzian auzipetutakoei nork itzuliko dizkie lapurtutako hamar urteak? Herri honi dagokiona ematen saiatzearren lapurtutako hamar urteak? Injustiziak ez du denboraz ezer ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu