Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Halloween

2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
T xikitan kanposantura joaten ginen gaurko egunez. Etxekoen hilobiak bisitatzen genituen aurrena, eta hurbileko adiskideenak ondoren. Guardia Zibilak hildako herriko gaztearena ere bai, hunkidura bereziz, eta gurasoen despiste momentua baliatzen genuen ijitoen hilobi lorez, kandelaz eta distiraz betetakora kuxkuxera arrimatzeko. Umeak ginen, baina ipuin gutxi entzuten genuen heriotzaren inguruan: gordin asko genekien han begi aurreko lauzaren azpian gorpu bat zegoela usteltzen, zomorroen bazka, hauts bihurtzen.

Edo, ez. Beharbada, arrek sarraskitutako hilotzaren ikuskizuna ipuinik handienarekin goxatzen zen, haur zein helduentzat: gorputz haragizko hartatik aske joana zen arima, eta zerutik zaintzen gintuen, esaterako, amona maiteak. Edo, ordurako, jada hasia zen ahoz aho ibiltzen ipuinaren beste aldaera bat: ez zen arimarik, baina oroitzapenean iltzatuta eramango genuen lauzapekoa; adibidez, izar berri edo gorri bat piztuko zuen Guardia Zibilak hildako gazteak gure gogoetan.

Nolanahi ere, kanposantua herri erdian zegoen, ume, gazte zein helduen bistara, heriotza bera ume, gazte zein helduen kezken artean bezala. Baina aspaldi desterratu genituen kanposantuak bazter ikusezinetara, heriotza bera lez. Orain, halloween ospatzen dugu, hilezkorrez mozorrotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.