Euskal gizartea zahartzen ari da. Ikusgarriki. Baserri guneetan lehen zegoen adinen piramide bera aurkitzen da orain hiri handietan ere. Arazoa bilakatzen ari dena, performantzia eta osasuna hobesten duten sozietate hauek ez dakitelako xaharrez eta zaharrez zer egin: zahar etxe ankerretan metatzen dira, gastuak minimora murriztuz, herioak separatu arte. Egun hauetan, elkarrizketa eta mintzaldiak antolatzen dira, guziak, gutxi edo aski, hunkitzen gaituen gai horren inguruan: nola zahartu duinki, ondotik datozen belaunaldiekiko harremanetan egonez eta erretretaren harresi etsigarri hori baikorki gainditzen saiatuz...
Justuki, gaur eta bihar, Donostiako Egiako kultur etxean Maika Etxekoparrek kudeatzen duen eta gaurko funtsezko tematikari uztartzen zaion Gure xaharrak txotxongilo antzerkia ikusten ahal da. Jendarte neoliberal ezindu honek xaharrak zelan tratatzen dituen erakusten du, ironia, krudeltasun eta, batzuetan, samurtasun pixka batekin. Hor dago, ene ustez, huts egin behar ez den hitzordu hunkigarria, gogoetarako mamia eta azala ematen duelako.