Euriteak eta haize olde izugarriak lasaitzen direnean, bazterrak gris kolorez apaintzen zaizkigu. Biharamunak ikusgarriak dira. Isiltasun zilar batek troxatzen ditu Aturri zabalaren hegiak eta bat-batean, huts hamikatu gutizia bat pizten zaigu sabelaren sakonean. Orduan, sinestezinezko giroek begietara jauzi egiten digute: grisaren paradisuan gara, grisa ez da nota bakarrekoa ehun mila doinutan deklinatzen delako, hiriaren gainera erortzen hasi den hotzaren geruza arinduz. Obserbatzeko denbora hartzen dugu eta itsasorantz abiatzen gara oinez.
Bruma piltzar arinak altxatzen dira ibaiaren azaletik. Ura geldo-geldoan dago. Zeru ertza irentsiko duela ematen du. Urrunean zutuntzen den garabi horiak kolorea galdu du. Liberiar bandera daraman Amasay izeneko karga-ontziak aingura bota du San Bernart kaian. Zumar negartiaren abar meheak luzatzen dira ureraino, sasitzar antzera, zuri-beltzezko birikak bailiran. Bista uhertzen zaigu. Gris ilunetik, gris urdinean zehar, gris zurbileraino distiratzen du eremuak eta hotzik ez dugu sentitzen, neguaren atarian gaudelarik alta.