Boterearen botereak behin eta berriz kateatzen du periferietako sorkuntza oro. Hastapen hartan kausitzen badu ere grabitazio legetik libratzea, hondarrean, izarrak objektu astronomikoak estekan ditu; beti lortzen du bere alde biltzea bere bizkar sortutako zernahi.
Emmaüs-herrixkarat joaten gara artetan, Leskarrerat. Harrigarria da nolako koordinazioa duten, nola ehunka kilo objektu sailkatzen dituzten, baztertzen, arranjatzen, birbaloratzen eta biziberritzen. Sistema bikaina da: gehiago nahi ez diren horietatik bizi baitira sistema sozialak gehiago nahi ez dituen baztertuak, zeintzuei zabaltzen baitzaizkie parada berriak. Eta horiek oro, ekosistemaren faboretan, baina baita ere, ororen buru, Frantziaren sistemaren: ez baita hor ageri, konparazione, okzitanieraren imintziorik. Are, herrixkak besoetan hartu baitu frantses armadak kanporatu duen kaporala, zeina ibili baita haren zerbitzuko lanean Guyanan, Txekiar Errepublikan eta Kosovon.
Miyazakik diseinatu duen Suliman sorgina dut gogoan, boterez gabetu dutelarik baliatzen baita zintzo inozoen zaintza sistemaz.