Pagolarrak xiberotarrez mintzo diren manexak diren, edo manexez elekatzen diren xiberotarrak diren, ontsa futitzen gara. Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkar ferekatzen duten zolatik ilki diren gazteek txapela kentzeko gisako maskarada muntatu dute. Goi mailako inauterien lekuko izan gara Etxahun Bordazarraren hegal pean. Iraupen egokia. Kabanak gainditu du generoaren bereizketa manikeoa, plazandere indartsua, zinezkoa. Leku hori ez zen gain-aktuatua, irabazia baizik, nahiz eta maskaradak ukan antzerkitik franko. Gainerako kauterak aise gobernatu ditu Kabana handiak. Ederra Pitxurekin ukan duen jokoa. Ments zela, danga-danga hots azkarra entzun dugu bideaz bestaldetik: metalezko teilatu gainetik agertu zaigu Pitxu, denen miresmen-pizgarri. Euskal Herria ohoratua izan da Iruriko elizatean, Pitxuren tripakiak eta irriak barreiatu dituzte gorriz eta beltzez arratsalde guzian pagolarrek. Euskara eta gazteek bat egin dute umorearen plazan: luxua. Eta nolako euskara; geroa bere baitan daraman eredua proposatu dute, ekumenikoa, batuari besoz beso doakion xiberera.
Gorriaren eta beltzaren talka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu