Onintza Enbeita
Bira

Gora

2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gure aitona-amonentzat gora igotzea eskailerak edo aldapak igotzea zen. Igogailurik ezagutu ez zuten haientzat, igotzea ariketa neketsua baina sinplea zen. Bideak gora egiten zuen lekuan haiek ere gora egiten zuten, besterik gabe. Orain, ordea, igotzea bizitzako helburua da askorentzat. Inork ez du 25 urterekin tornugile sartu den fabrikan jarraitu 65 urterekin; are gutxiago, oraindik ere tornugilea izaterik. Jendeak gora egin nahi du: tornugile hasi, enkargatu jarraitu, sekzioko buru izan, eta ahal bada, atzetik datozenei bidea itxi egiten diete eurak heldu diren lekura irits ez daitezen. Anbiziorik ez duenari barre egiten diogu: bizitza guztian hor egongo zara? Ez gara konturatzen tornugileak buruko min gutxiago eta lagun gehiago izaten dituela sekzioko buruak baino. Baina hori ez da okerrena: okerrena da, gailurrerako bidea hasten dugunean, ez dugula guztiok norabide bera hartzen. Goia eta behea, goia eta behea dira. Baina batzuek goia okerreko lekuan ikusten dute. Edo, agian, neu izango naiz gailurra non dagoen ulertu ez duena. Kontua da batzuentzat Madril goian dagoela, eta, esan didatenez, hara joatea gora egitea da. Nik hilabete inguru daramat mapari bueltaka, eta, oraindik ere, Euskal Herriaren goian Ingalaterra ikusten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.