BIRA
Goizaldeko kontuak
Ezin izan dut bideoa amaierara arte ikusi. Hainbat aldiz saiatu naiz, baina ezin dut. Hiru tipo ari dira beste bat jipoitzen. Lekukoen aurrean. Espero nuen zerbait ikustea telebistan, edo egunkarietan, edo irratian, baina ez du oihartzun handirik izan. Sare sozialek eta betiko egunkariek esan didatenez, jipoia eman dutenak espainiar militarrak izan dira, eta jipoitu dutena Iruñeko gazte bat. Gauzak ulertzen hasita nago. Duela ez hainbeste urte, tabernako liskar bat izan zuten Altsasun guardia zibil bik eta bertako gazte batzuek. Hurrengo goizerako martxan zegoen operazio poliziala: atxilotuak, kartzelatuak… epaiketa lotsagarria izan zen. Guardia zibilek esplikatu zutenaren kontra, argi gelditu zen ez zela eztabaida politikoa izan, ez zegoela aurretik gertaturik. Berdin zuen. Altsasuko hainbat gazte kartzelara sartu zituzten. Altsasuko kasuak luze iraun zuen komunikabideen lehen lerroan: oso luze. Oraingo jipoi honek ez dauka garrantzirik, antza. Konorterik gabe utzi arte jotzen dute gaztea lehenengo batek, gero besteak eta hirugarrenak ere bai. Batak heldu eta besteak jo, eta besteak heldu eta batak jo. Baina goizaldeko kontua baino ez da. Zein desberdina litzatekeen dena alderantziz gertatu izan balitz! Hemen ere gorputz guztiek ez dugu berdin balio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu