Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Gizakia

2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Eguneroko miserien jarioan atseden pixka bat emateko, tximinoak hartu dituzte aitzakia gure bazter orokortu honetako hedabideek. Zehatz esatera, ez tximino guztiak, baizik eta han, Afrika urrun eta ezkutukoan, oihan tropikal zirraragarrian, oraindik esklabotzaren eta gerra zibilen oihartzunak entzuten diren Kongoko Errepublikan bizi den tximino mota batekoak: lesulak. Albiste agentzia globalek zabaldutako irudien bidez ikusi dugu bisaia onbera dutela, giza esaten diogun gure espeziearen hurbileko begirasuna. Halaber, jakinarazi digute ez direla oso handiak, gehienez ere 65 zentimetro iristen dituztela.

Beharbada, horregatik ez ditu ikusi orain arte gure begi abilak, horixe baita albistea: tximu espezie berri bat aurkitu duela gizakiak. Zehatz esatera, Terese Hart eta John Hart ikerlariak ohartu dira Mendebaldeko zientziaren ereduaren arabera sailkatu gabeko tximino mota zirela lesulak, eta horren berri eman dute. Baina gure bazter orokortu honetako hedabideen bidez aurkikuntza aldarrikatu dugu: gure deskubrimendua, gizakiarena. Hartek eta Hartek Opalako maisu baten etxean ikusi zuten lehen aldiz lesula bat, kaiola batean. Kongoko bazter hartako jendeak betidanik bizi izan dira lesulen ondoan, betidanik dituzte ezagun. Zer diren gauzak, orain aurkitu ditu gizakiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.