Urtebetean bigarren despedida dut hau. Laster erditze gela batean sartuko naiz eta handik ateratzen naizenean, ama izango naiz. Mundua mundu denetik erditu dira emakumeak, orain baino baldintza okerragoetan; eta orain ere, munduko mapan atzamarra non jartzen dugun, muturreko egoeretan ari dira. Ez naiz ni izango nola erditu, umea nola elikatu edo ama nola izan asmatuko ez duen bakarra. Moldatuko gara etapa berrira, zalantzarik gabe. Hori bai, denbora behar da. Askok esan didazue denbora baino lehen itzuliko naizela plazara, ez dudala jasango etxean egotea. Ez dakit zer egingo dudan. Nik dakidana da umeak eta biok elkar ezagutu behar dugula. Bakoitzaren ordutegiak, goseak, irrikak, nahiak eta kakalarriak zeintzuk diren onartu beharko dugu.
Pertsona berri bat jartzera noa nire geografia humanoan, neuk hala erabakita: berari galdetu gabe. Nahi eta behar dudan denbora guztia hartuko dut. Noiz eta nola itzuliko naizen plazara ez dadila epaiketa merkeetarako aitzakia izan. Nik ere milioika emakumek egin dutena egingo dut: ezin denean ahal dena, eta ahal denean dena.