Oroitzen naiz Eskualduna (1887-1944) astekariko artikuluak arakatzen nituela Hamalauko Gerlaz egiten ari nintzen historiako memoria osatzeko, eta askotan aurkitzen nuela nik ere gaurkoan errepikatzen dudan titulu hau. Londresko europar buruzagien bilkuraren ondotik ikusi da Ursula von der Leyen Rearm Europe plana aurkezten: 800 miliar euro Europaren defentsarako. Polonia eta Eslovakia, besteak beste, ari dira anartean indarrak batzen blindatuak eta munizioak erosteko.
Estatuek, beren konplexu militar-industrialak ausarki diruz hornitzeko erabakiak hartzen dituzte herritarrak kontsultatu gabe. Baina, egia erran, gerlaren gaia ez da sekula demokratikoa izan, preseski demos delakoaren aurka eta honen bizkar pizten eta garatzen delako. Ohartzen gara, bat-batean, hiritarrok, kanoi-txitxi puskak baino ez garela. Gerlari esker halaber hainbat enpresarik —eta gure arteko lagun frankok ere alor horretatik ateratzen du bizibidea…— inperio ekonomiko erraldoiak eraikitzen dituzte. Funtsean, austeritatearen aitzakian, gerla ekonomia baterantz goaz, ados izan ala ez.