Bigarren abizenean daukat munduan gehien maite dudan emakumea, nahiz eta ulertzen ez dudan arrazoiren batengatik gerra eternoan bizi garen: Rosa Mari Maguregi. Hirugarrenean, bizitza zailari aurre egiteko armak erakutsi zizkiguna bizi dut: Klara Ealo. Laugarrenean, goxo daramat munduko altzorik infinituena zuen emakumea: Irene Izagirre. Eta bosgarrenean, berak nahi izan zuen gizonarekin ezkontzearren herentzia ukatu ziotena: Benita Goiria. Seigarren abizenean diagnostikatu gabeko depresioa gordetzen dut, seme bi istripuz hil zitzaizkion emakumearen mina. Alaia izan omen zen gaztetan, baina ohean sartu zen bigarren semea hil zitzaionean, eta, guri kontatu zigutenez, tristeziaz hil zen: Maria Antonia Beaskoetxea. Zazpigarrenean, ezagutzeko aukerarik izan ez genuena. Gerrak seme bat lapurtu zion: Jesusa Azueta. Zortzigarrenean, nire azken puntan, berriz, Ramona Ortuzar. Bizitzako lehen sujetadorea iloba batek egin zion izara zahar batekin, eta «hau da deskantsue!», esan zion. Ez daki ondo zenbat identifikatzen naizen harekin, titi-azpiak egosten zaizkidan aldiro.
Zuek gabe ez nengoke, ez geundeke, ez nintzateke, ez ginateke, ezingo genuke, ezingo nuke. Ez dit inporta abizenak geografikoki nongoak ditudan. Inporta didana da zuen zatia direla nire memorian. Gaur ere zuengatik!
BIRA
Genealogia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu