Bira
Geltokiak
Izugarri gustatzen zaizkit tren geltoki handiak; bizitzaren antz handia dute. Nasa bakoitzean tren luze bat egoten da, eta guk, aukeratu dugun norabidearen arabera, bakarra hartzen dugu. Txartela erosten dugunetik dakigu geltokian dagoen jende guztiak ez duela gure bidaia bera egingo: gure ondoan eser daitezen nahiko genukeen askok beste tren bat hartuko dute, eta usain eskasa ekarri duten zenbaitek, gure ondoan ez bada ere, bagoi berean egingo dute bidaia. Txartela erosten ez badugu, bidaia emozionantea egingo dugu, baina, agian, ez gara nahi dugun lekura helduko. Trena sasoiz hartzen duen marearen erdian, ostera, beti dago baten bat, azken orduan lo gelditu delako trena galtzen duena. Hartuko du hurrengo trena, baina galdu duen trenean zer edo nor zegoen ez du inoiz jakingo. Trenaren barruan ahal duena egiten du bakoitzak: lo, paisaia ikusi, maitea besarkatu, sudokuak, tabernara joan, bagoi batetik bestera ibili... eta badira, oinetakoak kendu eta aulkia haientzat eginda balego legez, oso eroso joaten direnak ere. Bidaiaren amaieran geltokiko atea gurutzatu, eta zain inor ez dugunean, edo euria ari duenean, edo postura onik hartu ezin izan dugulako kokoteko mina daukagunean, ohartzen gara zein garrantzitsua den bidaia ahalik eta ondoen aprobetxatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu