«Entseatu bazara baina kausitu gabe, jadanik irabazi duzu. Entseatzen bazara eta erreusitzen baduzu, dena lorpen duzu. Alta, ez bazara saiatu ere egiten, engoitik dena duzu galdua», erran dit Donibane Garaziko merkatuko saltzaileak, eskuin muturraren igatearekin satisfos. Badaki, Frantziako Fronte Popular berriaren alde bozkatu duenak bezal-bezalaxe, denbora afera baizik ez dela. Herioren atzaparretatik libratuko ez den eriaren fase baikor batean bezalaxe; badirudi, Frantziako legebiltzarraren bozkatzaileek barneratua dutela aldi honetan libratu baldin badira ere, goiz edo berant, metastasiak itoko dituela gainerako organoak oro.
Horregatik, ahal guziaz usnaturik ere, merkatuko usain hura gazia edo gozoa denik ez dut hauteman. Sentitu ditudan ihardukitzeak gazi-gozoak izan baitira: «Hau lasaitzea! Baina noiz arte? Frantses presidentetzarako hauteskundeetan, gauzak ongi egiten ez badituzte, eskuin-muturra da iraganen!».
Ez du arrazoirik eskas saltzaileak: entseatu gabe dena galdua denez, esprabatu beharra da... Adibidez, gorputz ustel horretatik berriz ere libratzen.