Pertsonalki ez zait datu garrantzitsua iruditzen Juan Carlos I.a zenbat emakumerekin oheratu den. Gure amamak esaten zuen moduan: «Bakoitzak beretik gastatzen du». Hala ere, harrigarria iruditzen zait Espainiako Gobernuak oheko arazoak arazo publiko bihurtzeko izan duen narraskeria. Inori ez lioke inporta behar auzokoak zakila non sartzen duen, baldin eta hala nahi gabe, norberari sartzen ez dion artean. Kasu honetan, baina, Erregearen gehiegikeriak denok ordaindu ditugu. Milioiak xahutu dira maitaleak isil zitezen, edo, okerragoa dena, Erregeak kolpe militar batean edo senide baten hilketan zein bere negozioetan egin dituenak estaltzeko. Ez du, beraz, beretik bakarrik gastatzen: guztion diruarekin ari da.
Nazka ematen dute hau dena zuritu nahi duten komunikabideek eta haren maitaleak dianaren erdian jartzen dituztenek. Minbiziaren tratamendu berriak osasun sistema publikoan txertatzeko baliabiderik ez omen duen estatu batean, hainbeste mila milioi xahutu dituzte gizon, zuri, aberats, hetero baten oheko abenturak estaltzen. Gauzak horrelaxe daude.