Gertatu behar zuen: ezinezkoa zen bestela. Inork ez zukeen iraungo muga batean hainbeste denboraz geldirik, argazkilaritza sarietako haur gosetuen begiradarekin, gainetik kentzea beste kezkarik ez daukan Europak deportaziorako kamioia noiz bidaliko zain. Giza inurritegiak sortzen dituzunean, ez espero gainezka ez egiterik.
Asteburuan, Greziako mugan ez aurrera eta ez atzera dauden ehunka iheslari antolatu dira debekatuta daukaten muga hori elkarrekin igarotzeko. Eta Mazedoniako poliziak —izan zitekeen Hungariakoa edo Frantziakoa ere— negar gasekin itzularazi ditu txarrantxa hesiaren bestaldera. Haren bidez erakutsi du Europak bere aurkezpen txartela: iheslariak mehatxua dira harentzat, etenik gabe heltzen jarraitzen duen gaitz endemikoa, eta Europa defendatua egin behar da inbasiotik, arriskuan gu baikaude eta ez beraiek.
Txarrantxa hesiak, kamioiak, gasa. Iraganaren iruditeria eguneratzen ari da berriz: ustezko inbasioaren aurpegiak dira aldatuz doazenak. Orain, kanpotik datozenak dira inon egoteko eskubiderik ez dutenak, ez bada kontrolatuta eta hesiaren bestaldetik otzan begira. Baina logika berbera da aldiro, eta edozein unetan izan daitezke mugen barrukoak, egoteko, lan egiteko edo bizitzeko eskubiderik ez dutenak.
BIRA
Gasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu