«Zer uste duzu, peko hura zuretako dudala garbitzen?», bi zangoak zabal-zabal ditu, eskuak aldaka tinkatzen diote, gerria doi bat gibelerat makurturik du, lepoa ezinago xut eta burua den mendren bat alde batera biraturik. Suzko so duinak net itzali dizkio parekoari debaldeko esprabuak. Kukurrusta fite kikildu zaio gizonari, kukurrukua erlastu.
Elkar ezagutzen dute aspalditik, badute lotura sozial franko: dela herri berean bizi direla, dela bataren bikotekidea eta bertzearena ama-semeak direla, dela aitaren ehorzketan lurperatzen lagundu zuela...
Baina honetakoan, deusek ez fitsik balio ez balu bezala, gizonak deliberatu du pitilinaren puntan piztu zaion su gorriaz kiskaliko zituela elkarren arteko paper-murruak, eta, Pierre Abadea nola, baimenik gabe sartu da parekoaren espaziorat, neholako gomitarik gabe.
«Zer uste duzu, peko hura zuretako dudala garbitzen?», mespretxuaren indarrak, aldi honetan, gaina hartu dio gorputzarenari.