Onintza Enbeita
BIRA

Galderak

2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Jaiotzetik aberatsa den jendeari ez zaio galdetzen ea esfortzu handia egin duen iritsi den lekura iristeko. Merezitako lekuan dagoela pentsatuko du jendeak agian, baina okerreko lekuan jaio dena susmagarri egiten zaigu gu iritsi ez garen lekura iritsi bada. Lodiei askotan galdetzen zaie gorputzari buruz, autoestimuari buruz, janariari buruz. Badirudi argal guztiek dutela harreman ona euren gorputzarekin, eta ez dutela inolako arazorik janariarekin. Egunero pertsona berarekin oheratzen ez den jendeak galdera ikurrez betetzen gaitu: nola kudeatzen dituzte sentimenduak eta pasioak? Are zailagoa egiten zaigu ulertzeko bikote finko bat izan bai baina hirugarrenak ere onartzen dituena. Galderak egiten dizkiogu ez zaigulako erraza iruditzen hainbeste jenderi hainbeste modutan eustea. Elkarrekin lo egiten ez duten bikote ezkonduek, ordea, ez gaituzte harritzen. Badakigu urteek higadura handia eragiten dutela edonorengan, baina ez diegu galdetzen ea tarteka ezer egiten ote duten. Gizon adindua emakume gaztearekin ezkontzen bada, agian piztuko zaigu alarmaren bat, baina emakumea denean zaharra... Eta horrela, galderak egiten ditugunean, neu barne, leku batean edo bestean kokatzen gara, eta nahi gabe bada ere, normala zer den eta zer ez inposatzen diogu desberdin bizi nahi duenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.