«Gaixo aurpegia daukat». Hori du kezka iturri aste honetan. Gaixorik ez balego, ez nuke muturra okertuko hori entzuten diodanean. Ez dakit zergatik nahi duen dirdiratsu egon, ondo ez badago. Kimioa hartu berri, mareatuta, oka, nekatuta, apurtuta… eta, hala ere, nolako aurpegia daukan pentsatzeko denbora hartzen du emakume galant honek. «Normala da, ama, gaixorik zaude. Ez diozu inori hori ezkutatzen duen ezer erakutsi behar», erantzuten diot. Ez dakit erantzuna gustatzen zaion. Agian, nahiko du nik esatea ez daukala hain aurpegi txarra, edo ez dagoela hain gaixorik, edo makillatu dadila… edo ez dakit berak ere ba ote dakien zer jaso nahi duen nigandik.
Inoiz baino gehiago atragantatzen ari zait urri arrosa. Konpresa paketeetako xingolek supermerkatu erdian oihuka hasteko gogoa ematen didate. Minbizia sozializatzen baino gehiago ezkutatzen ari zaizkigu. Makillatu egiten dute gaixotasuna, peluka janzten diote, irribarrea erantsi, tratamenduaren albo ondorioak gorde. Bada, minbizia minbizia da. Eta gaixo aurpegia izatea ez da bekatu handia gaixorik baldin bagaude.