Trump agintera itzuliko da. Munduak ez badu nahikoa izan lau psikopataren eskuetan egotearekin, orain badator behar genuena. Ez zegoen hilda; kantuak dioen moduan, parrandan baino ez zebilen. Badakit Kamala Harris ez zela aukera hobea. Kanpo politikari dagokionez, biek defendatuko dute Gazaren leherketa osoa. Barrura begira, bada, ez dakit zenbateraino diren demokratak errepublikanoak baino askoz hobeak. Garaipen honek Gazan berriro ere kolonoak ezartzea eta Zisjordaniaren anexioa azkartu egingo dituela entzun dut, eta horrek bai egiten duela mina. Europari ez dio askorik inporta, gainera. Ikusi dugu nortzuk izan diren Trump zoriondu duten lehenengoak, eta barrua uzkurtu egin zait. Geure buruaz beste egiten ari den zibilizazioa da gurea. Dena egiten dugu geure buruaren kontra; baita boto eskubidea egikaritzen dugunean ere. Demokrazia indartsua eta ederra izan daiteke bere handitasunean garatuz gero, baina, egun, demokrazia deitzen diogu lau urtez behin botoa emateari, eta agidanez, gainbaloratuta dago botoa ematearen balioa.
Gainbaloratuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu