Onintza Enbeita

Gafeak

2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun

Negua iritsi da azokara. Gabonak aldera susperraldiren bat izan daiteke, baina udaberrira arte ez dugu aurpegi berri askorik ikusiko. Joan den astean turista asko ibili ziren. Atzo ez genuen talderik ikusi. Gero eta gehiago agertzen dira, hala ere, aterkiaren atzetik doazen taldeak. Azaroaren 4an, esate baterako, lau talde kontatu nituen. Jakin nahi nuke zer den aterkidunek Gernikako azokaz kontatzen dutena, edo zer den belarriko entzungailuetatik jasotzen dutena. Izan ere, gustura esango nieke inertzia eta burugogortasunagatik gaudela han, ez gaituztela instituzioek asko laguntzen, udan bero egiten duela azokan, neguan hotz, nekazaritza mota bat dela administrazioaren kutuna eta besteokin ez dutela ezer jakin nahi… Isildu egiten naiz, ordea. Argazkiren bat atera dezaketen galdetzen dute eta «yes» edo «oui» erantzuten diet. 

Horretaz ere nazkatzen hasita nago. Aurrekoan esan nien nire ondokoei argazkiko euro bat kobratzen hasi behar genuela, eta horretarako prest geunden atzotik aurrera. Atzo ez zen turistarik agertu. Gafeak gu orain eta beti.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.