Onintza Enbeita
Bira

Gabardina

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Fusilatu zuten egunean soinean omen zeraman. Eskurik esku, ondo gordetako armairuetan egon ondoren, familiaren eskuetara itzuli zen orain urte batzuk. Lehenago, berrogei urte luzez Txaber Erraztik gorde zuen, «besterik gabe». Bazekien etxean gordetzen zuena gabardina bat baino askoz gehiago zela. Ez halako material bereziz egindakoa zelako, behinola Lauaxetaren gorputz gaztea bildu zuelako baino. Ez zen seme-alabez fidatzen, Estepan Urkiaga ez zutenez ezagutu, eta beldur zen Txaber ea gabardina hura, Euskal Herriarekiko maitasunaren historia gordetzen duen pieza hura, gabardina sinpletzat hartuko zuten. Azkenean, izan zuen aukera Lauaxeta gehien maite izan zutenei itzultzeko, eta ez zaio inoiz ahaztuko haren arrebak gabardina esku artean izan zuenean nola negar egin zuen. Baina berak «besterik gabe» gorde zuen. Eta pentsatzen hasi naiz gure aitona-amonek zenbat gauza egin zituzten egin behar zituztela sentitzen zutelako. Garrantzirik eman gabe, inork omenaldirik egingo dienik pentsatu gabe. Eta gero etorri ginen gu; gabardina hori eskuan izan bagenu bigarren egunerako kontatu egingo genukeenak eta txalo artean harro luzituko genukeenak; ez egiteko esan zigun arren Gabriel Arestiri bere izeneko kaleak eraiki genizkionak ilusioa egingo liokeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.