Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Frantzia kondenatu du, duela sei urte publiko egin zen dibortzio epai batengatik. Napoleonen denborako Kode Zibil zaharraren arabera —emakumeen eskubideei dagokienez, orduko lege lerro askok indarrean diraute— bikote baten baitan harreman sexualik ez ukaitea dibortzio motibo bat izan daiteke. 2019an horrela trenkatu zen aipatzen dugun auzi hura, emaztea errudun bakartzat emanez.
Urtarrilaren 23ko ebazpenean, Estrasburgoko tribunalak adierazi du, frantses legediak dioenaren kontrara, ezkontza onartzeak ez duela sexu harremanak derrigor onartzea ekartzen eta gehienetan emazteen bizkar datzan ezkontide-zorrak bikote-bortxaketa deitzen zaionari bidea zabaltzen ahal liokeela. Hots, ez du bizitza elkarrekin egiteak ohe bera partekatzea erran nahi, askotan horrela gertatzen den arren! Gisèle Pelicoten auziaren ondotik, iragan asteko erabakia historikotzat jotzen da, baina egia da Frantzian, badela oraino bortxaketaren eta ezkontide-zorraren erabilpen juridikoaren inguruan halako arazo kultural bat. Baina non ez?