Bere burua ezkertiartzat agertzen duen jendearen janzkerari iseka egitea ez da gauza berria. Askok mahukaren azpian duten karta bakarra hori da: eztabaida politikoan ezin baduzu argudiorik eman, esan ezazu 120 euroko kamisetaz jantzita doala sozialista dela dioen hori. Erraz emango dizute arrazoia. Hori bai, ez dute begiratuko haiek defendatzen dituzten politikari guztiak non eta nola bizi diren. Bada, hain zuzen ere, egungo munduaren funtzionamenduak esaten diguna da hobe dugula 120 euroko niki bat edo bi izan eta ez bost euroko 24. Duela urte batzuk brasildar batek esan zidanarekin gogoratu naiz asteon: «Ni komunista naiz, ez frantziskotarra. Ez dut austeritate promesik inon egin». Eta askok pentsatzen dute zeure burua ezkertiar bezala agertzen baduzu alkandora puskatuekin ibili behar duzula kalean. Eta ez du zertan hala izan.
Utzi behar genioke besteen poloaren prezioa begiratzeari. Izan ere, gure kaleetan bizita, hamar euroko alkandorarik ere erosi ezin duen jendeari laguntzeko hobeto letorkiguke orain AHTan gastatutako dirua kamiseta merkeagoak erabiltzea baino.