Egun santu guztia pasatzen dugu geure burua justifikatzen: euskaraz gauza bat da euskalduna eta bestea euskal herritarra, beraz, gaztelaniaz vascoparlante itzuli beharko litzateke euskaldun eta ez vasco. Euskarak euskaldun egiten gaitu, baina euskararik ez dakitenak ere badira euskal herritarrak. Gu, zuek, haiek, besteak, lasai; ez dadila inor haserretu. Euskarak egiten gaitu euskaldun, baina ez dezala gure izateak inor mindu. Zuek hitz egin gaztelaniaz edo frantsesez eta izan nahi duzuena: euskal herritar zein euskaldun. Sutan jartzen naiz. Ez dut inor imajinatzen esplikatzen ea zer diren Marbellan bizi diren alemaniarrak. Askok ez dute gaztelaniarik egiten, eta han bizi dira. Zertzat hartzen dituzte bertakoek: espainiartzat? alemaniartzat?
Batzuetan pentsatzen dut euskaldun egiten gaituena horixe dela: gure izatea bera ere esplikatu beharra gure hizkuntza gutxiarazten ari direnen aurrean. Eta ez pentsa ez dutela ulertzen euskaldunaren eta euskal herritarraren arteko diferentzia. Kontua da Joseba Egibarren hitzen itzulpenaren harira asaldatu diren askori ez litzaiekeela asko inportako euskaldunok desagertzea. Haien mapetan nahiago dute País Vasco Euskal Herria baino. Euskaldunen herria etengabe mespretxatzen dute sinbolikoki, hitzez eta ekintzez.
BIRA
Euskaldunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu