Euskal kulturak kontsumitzaileak behar ditu: irakurleak, entzuleak... Euskal kulturak, norbaiten lana gustatzen ez bazaie, inork gurutziltzatuko ez dituen kritikoak behar ditu. Euskal kulturak zaborra behar du eta goi maila behar du. Euskal kulturak bertsolariak behar ditu, eta bertso afariak, bertso poteoak eta bertso txapelketak. Euskal kulturak gure auzoko jaiak behar ditu, eta euskal kulturak Mari Jaia eta Zeledon behar ditu. Euskal kulturak musika behar du. Bai, reggaetoia ere bai. Euskal kulturak margolariak behar ditu, eta eskultoreak, eta arkitektoak. Jakina, haien obren kontzeptua euskaraz azaltzeko gai badira, hobeto. Euskal kulturak komikia behar du eta euskal literatura behar du. Euskal kulturak zinema behar du, fikzioa behar du eta erdal kulturei begira ez dagoen telebista publikoa merezi du. Euskal kulturak antzerkia behar du: barre egitekoa eta esperimentala, tragikoa eta erromantikoa. Euskal kulturak sortzaileak behar ditu. Bai, euskal kulturak txistua eta danbolina ere behar ditu; baita aurreskua eta arin-arina ere.
Euskal kulturak ez du behar harekin hauteskunde kanpainetan bakarrik gogoratzen den politikaririk. Ez baita nahikoa euskal kulturaren alde egotea: kulturaren alde egin egin behar da. Eta horretarako modu asko eta oso errazak daude.
BIRA
Euskal kultura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu