Etxerik gabeko izakiak bilakatu gara, gaur egungo sare sozial eta asozialei esker, edo hauengatik. Nork daki? Intimitaterik ez dago, pribatuak plaza publikoa itotzen duelako, aurreko zutabe batean idazten nuen bezala. Autobusean, adibidez, batzuetan entzuten da jendea telefono bidez ogia erosiko duela berresten edo, kikizai estofatu artean, gau minean zein postura erotiko betetzea gustatuko litzaiokeen azaltzen. Barnea, halatan, kanpo likidoa da, eta alderantziz.
Munduan zeharreko hainbat haurrideren kontrara, etxea badugu, zorionez, metaforikoa eta erreala, biak batera. Asteak iragan ditzakegu, plazer hutsez alabaina, etxetik urrun, ontsa kontent gara gure aterpe hertsi, hotz eta iluneko ate ondora heltzen garenean. Bakoitzak maite du eraikitzen duen habia, harriz, zurez edo lastoz egina izan arren. Lan-gelako isiltasun kuttun horren eta ohiturazko bizi-urratsen abandonatzea gero, kasik ezinezkoa zaigu dei bati edo besteari baiezkoan erantzuteko orduan. Harpe abegikor horretatik ilkitzea zaila da eta etxezulo bihurtzen gara. Sinestezina dirudi, baina egia da.