Haserre gaude. Adibidez, ostegunean kafetegiko bezero batek oihuka agindu zion Maritxuri telebista katea aldatzeko, ikuskizun hura jasanezina zela. ETB1 bat zeukan, eta politika orokorreko saioa ari ziren ematen, Eusko Legebiltzarretik. Gainerako bezeroen onespena jaso zuen protestak; bost bat minutu iraun zuen politikarien kontrako marmar orokorrak. Haserre gaude, baina norberaren amorruan ixten gara, etorkizuneko ultzerak (auskalo, minbiziak) lantzen. Ez gara gauza elkar hartu eta haserrea zeren kontrakoa eta noren aldekoa den hitzartzeko.
Soziofobia kontzeptua irakurri diot Cesar Rendueles soziologo espainiarrari ezintasun hori azaltze aldera: «Sistema politiko eta ekonomikoa katastrofikoak iruditzen zaizkigu. Eta, hala ere, ikaragarri zaila iruditzen zaigu bi arlo horiek alda ditzakegula pentsatzea. Eta ez hainbeste gure etsaiak boteretsuak direlako, baizik eta pentsatzen dugulako ez garela gure artean ados jartzeko gai». Gurean, hainbeste urtetako gatazkaren min eta nekeak izango du, dudarik gabe, eraginik. Baina orokorragoa da, estandarrean esateko, globala. Funtsean, Historia amaitu zela aldarrikatu zigutenetik, utopiak tirania direla, hedabidez, hezkuntzaz, zientziaz, fikzioz, zentzu komunez, jan dugun sinesmenaren emaitza: etsaia ez dagoela goian, alboan baizik.

Bira
Etsaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu