Etiopia humanitatearen iturburua da, euskal poesia garaikidearena, Abebe Bikila eta Tirunesh Dibaba lasterkari zainarten sor lekua, eta nola ez, Lucy gure arbasoarena! Azken urteotan mugimendu tektoniko izugarriak gertatzen ari dira Rifteko urrako erraldoiaren alde bietan, gehienbat satelite bidez ikus daitezkeenak: minutu apurretan, eskualde estrategiko horren ekialdeko partearen ezpondak bi metroz urrundu dira bata bestearengandik. Sarraski minerala nabarmen da jadanik, eta hemendik zenbait mila urtera, irla erraldoia erdian dukeen ozeano berri bat aurkituko dugu bertan, Suezko kanalaren sarrera oztopatzen. Izanen da, orduan ere, kalapita beliko franko...
Somaliako, Arabiako eta Afrikako plaka tektonikoak dira hor indarka ari, bultzaka, elkarren lehian. Fenomenoa, geologoek pentsatzen zutena baino abiadura handiagoan garatzen dabil, ibar sakonetako lur ikara eta sumendi artean. Lurralde minbera da Etiopia, betidanik egunkarien tituluak egin dituena, dela gerla, dela gosetea, dela kirola... Planeta urdin honen zilborra dela azpimarra nezake nik.