Politikoak beti biziki gogorrak dira behe mailako gaizkileekin, sagarrak ebasten eta autoak erretzen dituzten gazteekin adibidez. Presondegiak mukuru beteko lituzkete etorkin-autoktono-proletario seme-alabekin. Baina, azken egun hauetan, Marine Le Pen bost urteko kartzela eta inhabilitaziora kondenatua izan denez geroztik bere adiskide politikoen terrentak hautematen dira: demokrazia mehatxatzen du auzi injustu horrek, ez da 2027ko presidente hauteskundeetara aurkezten ahalko, herritarrak deitu dituzte delibero alderdikoiaren kontra manifestatzera, Le Pen anderea europar finantzamenduak bidegabeki baliatzearen errudun ez balitz bezala! Eskuinetik ezkerrera entzun ditugu salaketak, politikari horietatik askok epaitu gabeko prebarikazio, ustelkeria eta ontasun publikoez abusatze kasuak zintzilik dauzkatelako...
Nazioarteko erreakzionario banda osoko buruak bildu dira Kremlineko tsarraren gibelean Le Pen anderea sustengatzeko. Bayrou, lehen ministroa bera, arranguratu da zaurgarria den bere gobernuak ondorio politikoak paira litzakeelako. Politikoak, legeak egin eta legeak jan?