Munduko pertsonarik bakartiena ei den gizonezko baten bideoa zabaldu du Brasilgo gobernuaren fundazio batek: 1990eko hamarkadan nekazari talde batek bere tribukide guztiak erail zituenez geroztik, bakar-bakarrik bizi izan ei da, hantxe, Amazoniaren bihotzean. Harrezkero hainbatetan aurkitu izan dituzte haren arrastoak, baina ez ei du kanpoko inorekin kontaktatu gura izan eta ikerlariek beti errespetatzen ei dute hori: behin, geziak jaurtiz eraso ei zien euretako batzuei. Bizirik dagoela frogatzea nahitaezkoa dute, halere, bere barrutiak eremu babestua izaten jarrai dezan (besteak beste, inguruko abeltzainen esanetara diharduten patruila armatuak bertara sar ez daitezen).
Pelikula dezente ikusiak gara denok ere eta, egia esanda, irudiak eurak ez dira hain harrigarriak: gizonezko erdi-biluzi bat, basoan, aizkorarekin adar bat mozten. Protagonistak baino gehiago, errodatzen ari denaren begiradak eman lezake zer pentsatua: urrunetik eta ezkutuan diharduela igartzen da (zooma nabarmen erabiltzen du) eta onomatopeia bitxi batzuk egiten ditu momentu batean; animalia estrainio bat grabatzen ari delako inpresioa ematen duela, alegia. Eta zertarako ukatu: denok sentitu izan dugu noiz edo noiz parekoa gure espeziekoa ez dena. Ordea, inoren begirada (hain naturala eta, era berean, hain eraikia) nabarmen ikusteak hotzikaratxoa eragin liezaioke bati.
BIRA
Estrainamendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu