Onintza Enbeita
BIRA

Estatu kolpea

2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Ez ditut minutuero jarraitu Brasilgo hauteskundeak, eta ezin dut ñabarduretan sakondu. Hala ere, ezin dut ukatu lasaitu egin nauela emaitzak. Ez da diferentzia handirik izan bi hautagaien artean, baina Lula gelditu da Bolsonaroren aurretik: ez dago gaizki. Eta pentsatzen dut ona dela munduarentzat ere. Zenbat eta faxista gutxiago agintean, hainbat eta hobe.

Sare sozialek eta zenbait informatibok lasaitasuna eten didate, hala ere. Estatu kolpearen mamua zabaltzen ari dira, eta horrek ondorio izugarriak izan ditzake Brasilen. Ez dakit bertako jendeak zer esango duen, baina sareetan bolo-bolo dabil estatu kolpearen arriskua. Egia da Bolsonaro bera ere isilegi dagoela gauza onerako.

Astelehenean zerbait argigarria esan zidan norbaitek: «Ez dira estatu kolpearen beldur, hura eskatzen ari dira». Logika badauka: garaipena ospatzen ere ez diote utzi Lulari. Ematen du aurretiaz jakin dutela zer gertatuko den ezkerra gailenduz gero, eta betikoei ez zaie interesatzen Amazoniako deforestazioa gelditzea edo brasildarrek bizitza duina izatea.

Beraz, pentsatzekoa da estatu kolpea ez bada ere, botere ekonomikoa eta militarra mantentzeko ahal duten guztia egingo dutela. Bitartean, Brasilek arnasa hobeto har dezake faxismopean baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.