Bira
Eskuliburua
Kokoteraino nago. Ez zait Ternua eta North Face markako mendiko arropa gustatzen; edo bai, baina nik janzteko ez. Zer nahi duzue esatea? Mendira joateak ez dit ilusio berezirik egiten. Euskal Herrian egiten den musika gustatzen zait, munduan egiten dena ere bai, eta Espainian egiten diren horterada zenbaitekin izugarri gozatzen dut. Dantza soltea badakit, baina rantxerak kantatzen hobeto pasatzen dut. Behar baino diru gehiago gastatzen dut behar ez ditudan gauzetan, eta behar dudana baino arropa gehiago daukat. Konplejuak ditut nire gorputza ez delako inposatutako kanonetan sartzen, eta depilatuta ez nagoenean ligatzen badut, urduri jartzen naiz. Inoiz ez diot inori ken ditzan esan, baina rastei ez diet itxura higienikoa hartzen, eta beti oinetako berekin doan jendeak atentzioa ematen dit. Pelikula erromantikoak ikusten negar egiten dut, eta egun txarra daukadanean gominolak eta txokolatea jaten ditut oka egiteraino bete arte. Ez, nik ez dut abertzale-ezkertiar-feministaren eskuliburua betetzen. Urruti nago hortik, baina benetan zer gustatzen zaidan eta zer ez onartu nuenetik askoz ere hobeto bizi naiz. Egunen batean beteko dut manual osoa, ikasiko dut nolakoa izan beharko nukeen; baina bien bitartean, gutxienez, naturala naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu