Onintza Enbeita
BIRA

Eskuak

2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Hara nola gauden pozaren beharrean, geure izatea esplikatzeko beharrean, geure burua justifikatzeko beharrean, ezen historikoki izan garela erakusten duen esku batek txoratzen jarri baikaitu. Aurkikuntza zinez garrantzitsua egin du Aranzadik Irulegin, egia da hori. Begira dezagun hura aurkezteko parafernaliara, ordea: gaztelania nagusi. Hori gutxi balitz bezala, Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariaren diskurtsoan apenas egin zaion erreferentziarik euskarari. Baskoiera zaharra, aurkikuntza historikoa... baina baskoiera zahar horren eta euskararen arteko loturak, ahalik eta gutxien.

Kasualitaterik ez dagoen gatazka eterno honetan, argi dago euskaldunak garela Irulegiko eskuak poztu gaituenak. Izan ere, gu gara geure burua esplikatu behar dugunak. Gu, bagarela argi daukagunak, gara esplikazioak eman behar ditugunak. Besteek euskara zonifikatzen dute, zapaltzen dute, baztertzen dute eta mespretxatzen dute, eta halako aurkikuntzaren aurrean etxean gelditzen dira lasai, telebistak zer esango. Baten batek errezatu ere egingo zuen hau Iruña-Veleia berri bat izan dadin. Bi mila urte daramatzagu izaten, agidanez, eta bi mila urte ari gara inposatutako oztopoak gainditzen. Esku ederra aurkitu da lur azpian, baina esku asko behar ditu oraindik gure hizkuntzaren biziraupenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.