Miren Amuriza.
BIRA

Eskolartekoa

2017ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Gauzak txikian handiagoak dira; mantangorri bat hartz arrearen muturrean, esate baterako.Badator Bertsolari Txapelketa Nagusia eta azkenekoa zelan amaitu zen ikusita, izango da honezkero BECerako sarrerei buruz galdezka ariko denik. Nago hiruki forma duela finalaren arrakastak: alde batean dimentsio kulturala (euskarazko ekintza batean horrenbeste jende biltzea), bestean politikoa (nazio baten irudikapena gorpuztea) eta oinarrian emozionala («ni ere han egon nintzen» delakoa).

Datorren larunbatean, Eskolarteko Txapelketako finala jokatuko da Saran, eta 15-18 urte bitarteko gaztetxoak, zazpi lurraldeetakoak, ariko dira kantuan. BECekoak dituen hiru dimentsioez gain, plus bi izango ditu saioak: bata, adin horretan (gorputza, ahotsa, pentsaera, sentipenak... hain aldakor diren aroan) jendaurrera irtetea hamar bider zailagoa dela; bestea, larunbatean erdigunean egongo bada ere, gaztetxo horien jarduna oso bazterrekoa dela beren egunerokoan, oro har (Gipuzkoako guneren batzuetan salbu), 16 urterekin bertsotan aritzeak ez duela molatzen, alegia. Beraz, parte hartzaileei, finalistei zein sailkatu ez direnei, ospatzeko esango nieke; ospa ezazue oholtzara irteteko gai (izan) zaretela. Eta bertsozaleei, astebururokoei zein lau urtean behingoei, Sarako saioari arreta jartzeko gogorarazi; gauzak, dudarik gabe, handiagoak baitira txikian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.